XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erabiltzaileek hondakin gutxiago eragin dute

Aurtengo udan 520.761 bisitari izan dira hondartza getxotarretan

520.761 pertsonak bisitatu dituzte Getxoko Areeta, Ereaga, Arrigunaga Azkorri eta Salvajeko hondartzak aurtengo udaldian zehar, hau da ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Ekintza eta Ingurugiroko arduradunek emandako datuen arabera.

Aurten Bizkaiko 27 hondartzetan izandako bisitariak areagotu egin direla esan daiteke, udaldian guztira 4.500.000 lagun joan baitira.

Aurten, eta eguraldiak baimentzen badu, Diputazioak sei miloi baino gehiago izatea aurreikusten du, iaz 5.200.000 izan ziren bitartean.

Getxori dagokionez nahiko bisitari izan dira, neurri handi batean, inguruan dagoen biztanleen kopuru altuagatik, izan ere getxotarrek eta inguruko udalerrietakoek bisitatzeaz gain, bilbotar ugari ere bertara hurbiltzen baitira.

Hau horrela izanda ere, hondartza hauek nahiko ondo zaintzen direla uste dute Diputazioko arduradunek.

Garbiketa eta konponketak

Hondartzetan eta inguruetan biltzen diren hondakinak jasotzeko aurten Foru Aldundiak 176 miloi pezeta gastatuko ditu.

Horietatik 140 miloi dira hondartzak garbitzeko.

Getxoko hondartzetan, udaldian 544 tona bildu dira eta Bizkaia guztian 1.593,8 tona hondakin, bai erabiltzailek bai itxasoak berak eraginda.

Kopuru handienak Ereaga, Arrieta-Atxabiribil, Salvaje, Karraspio eta Arrigunagako hondartzatik kendu dira hondakin gehienak.

Urtearen amaierarako, guztira 4.400 tona jasotzea espero du Diputazioak, iaz baino 500 gutxiago.

Uda honetan La Arena, Areeta, Ereaga, Aizkorri, Salvaje, Arrietarra, Plentzia, Gorliz, Bakio, San Antonio, Laga, Laida, Karraspio, Isuntza eta Arrigorriko hondartzen area tratatu da era berezi batean.

Erabiltzaileek eragindako zaramaren eta hondakinen kopurua ikusita, orain arteko datuak mantentzen badira, aurten biztanle bakoitzeko 213 gramo zarama eragiten ari da eta iaz, berriz, 250 gramo izan ziren.

Ikusten denez aldea dago eta Aldundiko arduradunen iritziz, jeitsiera honek herritarren sensibilitatea gero eta handiago dela erakusten du, hau da norberaren etxebizitzak zaintzeaz gain, ingurugiroa ere gero eta gehiago zaintzen dutela biztanleek isladatzen du.

Aipatu, Bizkaiko Foru Aldundiak aurten 9 miloi pezeta baino gehiago zuzenduko duela hondartzetan izandako kalteei aurre egiteko.

Kopuru honetatik 3 miloi (iaz baino zertxobait gutxiago) indarkeri ekintzek, batez ere gauez eta dibertsio guneetatik gertu, eragindakoak konpontzeko izan dira.

Getxoko hondartzetan gastua 1.232.000 pezetakoa izan da.

Laburbilduz, 98an Bizkaiko Foru Aldundiak guztira gure hondartzen ekipamenduetarako, garbiketarako edo bijilantziarako 379 miloi pezeta zuzenduko ditu.

Orain, bainu denboraldia amaitu ondoren, Diputazioak hemendik gutxira adjudikatuko du Arrigunagako hondartza berreskuratzeko bigarren fasearen proiektua.